XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) saldoa hegaka zebilen arbola haren barruan gorderik inor egon zitekeenik.

Eta ilargia, zilar eta gazta, beltzaren artean zuri nabarmendu zenean, bera izan zen zakuaren agurearen irteeraren lekuko bakar, bera eta kaioletan sarturiko hontza eta bestelako gautxoriak, zooko gaueko zaindariak batzuk lotan eta besteak loa uxatu nahian aldizkari pornoak ikusmiratzen ari bait ziren, ingurukoaz ohartzeko lanpetuegi.

Tximeleten aitona egunez zooa ikusten aritua zen, jubilatu aspertu, haur zalapartari, japoniar argazkilari eta bestelako bisitari alferren artean, eta beraz bazekien nondik nora jo behar zuen errinozerontearen kaiolara heltzeko.

Sarraila ere ez zen arazo handiegia izan bereak bezalako atzamar trebeentzat.

Berehala zen barruan.

Gehiago kosta zitzaion errinozerontea topatzea, oso zabala bait zen kaiola hura, tartean zuhaitzak, txabolak eta aintzira txikiak zirela.

Ilargia une horretan hodei batzuen atzean ezkutatu eta ez zion laguntza handirik eskaini.

Orduan sudurzuloak zabaldu, arnasa sakon hartu eta airea usainduz, hortik, esan zuen bere artean eta hortik jo.

Lotan aurkitu zuen errinozerontea.

Lotan eta ametsetan: momentu horretan Afrikako sabana zabalean zebilen, belarra jaten; eguzkiak goxo-goxo (...)